XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EAJ-PNV eta EA alderdiok Jaurlaritzatik, jarduketa-programa honen bidez, ongizate-egoerari gizarte-justiziaren zalantzarik gabeko adierazle gisa eustea defendatzen dugu. Hori dela eta, beharrezkoa da modu serio eta arduratsuan egun ditugun gizarte-babeserako eta -arretarako sistemak berriz formulatzeari buruzko eztabaida sustatzea, dituen tentsioak gainditzeko, bere biziraupena bermatzeko eta engainuaren eta iruzurraren bidez sozialki ez dagokienaz jabetu nahi dutenen aurka borrokatzeko xede leialarekin.

A) Osasuna eta osasun-sistema. Gizartearen zerbitzurako kalitatezko osasun-zerbitzua.

Osasuna bizi-kalitatea hobetzeko funtsezko elementuetariko bat da eta osasun-sistema oinarrizko elkartasun-tresna eta ongizatea, banakakoa nahiz taldearena, bermatzeko gizarte-inbertsioa da.

Hori izan da azken urteetan Jaurlaritzaren funtsezko kezketako bat eta arrazoi hori dela eta, ahaleginak bikoiztu ditu euskal osasun-eredua berriz formulatzeari dagokionean hainbat erabaki hartuz, euskal osasun-eredua hobetzeko eta modernizatzeko eta gisa horretan Euskadiko herritar guztien bizi-kalitatean laguntzeko.

Etengabeko osasun-erreformaren ostean, legegintzaldi honetan helburua unibertsaltasunaren, zuzentasunaren, elkartasunaren eta kalitatezko osasun-zerbitzuak eskaintzeko etengabeko hobekuntzaren printzipioetan oinarritutako osasun-eredu berria finkatzea, hobetzea eta sustatzea izango da.

Arrazoi hori dela eta legegintzaldi honetan, koalizio-gobernuaren osaketatik, EAJ-PNV eta EA alderdien jarduketa Euskadiko osasun-sistema finkatzera eta hobetzera bideratuko da. Osasun-sistema horrek, unibertsaltasunaren, elkartasunaren, zuzentasunaren eta kalitatearen printzipioei jarraiki jardunez, osasun publikoaren zaintza bermatuko du neurri prebentiboen, osasuna sustatzearen eta osasun-prestazioen, banakakoen nahiz taldekakoen bidez (horien artean baztertutako taldeetakoak izango ditugu).

Helburu hori lortzeko, Jaurlaritzak Euskadiko Osasun Antolamenduaren Legeak, orain dela gutxi onartu zenak, barne hartutako antolamendu- eta kudeaketa-neurriak aplikatu eta garatuko ditu, finantzazio- eta zuzkidura-funtzioen banaketa sendotuz eta zerbitzuen erakundeen ekonomia- eta kudeaketa autonomia finkatuz.